XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Auskalo zer egingo zuen han.

Beharbada senarra topatuko zuen, edo bere gurasoak.

Beharbada, nire ama eta bere ahizpa kuttuna izandakoarekin hitz egingo zuen eta gure berri emango.

Nire besoetan hil zen.

Eguerdi batean.

Trumoiek leihoko kristalen kontra sortutako zalapartak bere azken hatsa entzutea eragotzi zidaten.

Bere aldamenean eserita ere, euri hotsa eta kaleko auto zarata baino ez nituen aditu.

Harrezkero ez da izebaz gogoratu ez naizen egunik izan.

Adibidez, zigarreta bat piztean etortzen zait burura.

Askotan beraz, hogeitik gora erretzen baititut.

Eta bestela ere, ia edozerk gogorarazten dit: telebistan ikusitako zerbaitek edo seme-alabek esandako zer edo zerk.

Dena delako horrek bere irudia ekartzen dit hilurren zegoenekoa zein lehenagokoa eta gauzak haren begiez ikustera eramaten nau.

Dorleta gaixotzen denetan batik bat.

Ikaratu egiten naiz.

Eta damutu ere bai, ezin dudalako ulertu nola ez nuen ospitaletik atera, nola onartu nuen tortura hura.

Aspirina batek osatzen didan burukomina eramanezina iruditzen zaidanean, heriotzari ihes egin alde, bizitza pixka bat luzatu alde, hark egindako ahaleginaren izugarriaz jabetzen naiz, bere agoniaren latzaz.

Eta horrekin batera, izebaren bakardadeaz, orain nireaz jabetzen naizen antzera.

Neu ere zeharo bakarrik geratzen ari naizelako.

Badira bi urte t'erdi Robertok etxetik aldegin zuela eta laster Dorleta ere joango zaigu, Amerikako eskola batean batxilergoaren azken urtea egitera deliberatuta.

Hara bada, nola geratzen ari naizen pixkanaka.

Luis alboan izanik ere, aspaldi ez daukat bere laguntasunik.

Elkarren ondoko bi bakardade gara.

Garai batean Luis uztekotan egon nintzen.

Ez nintzen ausartu.

Roberto eta Dorleta izan nituen aitzakia.